Gure Ikastolak II. postua Hendaiako Euskal Kantu Txapelketan

2019ko abenduaren 8an, Hendaiako 8. Eskolarteko Euskal Kantu Txapelketa ospatu zen Daniel Ugarte pilotalekuan.

Hendaiako Herriko Etxeko Euskara zerbitzuak eta Haur eta Gazte Animazio zerbitzuko eskolaldi inguruko animatzaileek, bi urtetik behin, antolatzen duten ekimena da eta, bertan, Hendaiako ikastetxe guztietako lehen mailako haurrek har dezakete parte, CPtik CM2ra. Gure Ikastolak, parte-hartzeko gonbidapena jaso zuelarik, aurten ere parte-hartu zuen.

Guztira, 180 haur inguru bildu ziren euskal kultur ondarea transmitzeko parada honetan. Gure Ikastolako taldeak –30 lagunez osatutakoa-, bigarren saria eskuratu zuen. Hori dela eta, datorren martxoaren 21ean Donostiako San Telmo museora ateraldia egiteko aukera ukanen dute, euskal musika tresna tradizionalak ezagutzeko eta jotzeko tailer baten karira egun pasa egitera.

Zorionak gure gaztetxoei!