Yvette – Irakaslea

Ikastolak aipatzen hasi zirelarik, banakien nire lekua hor zela eta “Seaska” elkartera hurbildu nintzen. Atzo zela iruditzen zait. Urteak joan,  eta ikasturte berriak hasi eta urtero ilusio berdinarekin hartzen dut taldea .Ikasle berriak ezagutu, haien gurasoekin harreman ahal bezain goxoa lortu, taldearekin elkartasunezko giro bat sortuz. Denok batera, gure kulturari eta beste kulturei irekiz, oinarrizko konzeptuak barneratuz,  lan ezin aberatsa eta emankorra iruditzen zait eta beraz ez dut inongo aspertzeko denborarik. Nire eskola sartze guztiz lehen aldikoz balitz bezala sentitzen naiz , urduri eta kezkatua baina beti ber gogoarekin !  Nire lanean eman baino ainitz gehiago ukaiten dut , ikasten, gozatzen… Nire inguruan laguntza,partaidetza, elkartasuna aurkitzen ditut  izan dadin ikasle, guraso, laguntzaile, irakasle,kanpoko parte-hartzaileekin. Berriz hasi behar banu, ez nuke ezer aldatuko!

Gaurko Hendaiako ikastola hitz batean definitu behar bazenu?

“Enborra” erran nezake, ikastolak sendotasuna hartu duelako.

Hori erraitean, Laboaren kantua heldu zait gogora :

“Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak

burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak.

Gertakizunen indar ta argiz gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.”

Eta biharko ikastola nola ikusten duzu?

Irekia, integratzailea,lankidetzan,baina beti gure hizkuntzaren eta euskal kulturaren babesle eta zaintzaile amorratua.

Biharko ikastolak elkarlanean segitu behar du: ikasleak, gurasoak, langileak, irakasleak ikastolako partaidetzan. Denak ongi egotea aberasgarri da, elkarrekin lan eginez eta errespetatuz, bakoitzak bere heinean zerbait ekarriz ikastolari.

Biharko ikastola denen artean eraikiko dugun “Herri eskola”izanen da.

 
  • abendua 16, 2012

Comments are closed.