Amets Arzallus

Zer orroitzapen atxikitzen duzu Hendaiako ikastolako urte horietatik ?

Oso oroitzapen ona, melankolia puntu bat ematen dit pentsatzen jartzean. Aire hartzeetako “txikiak haundien aurka” futbol partiduak, gela atzekaldeetan egiten genituen kabanak, zalditegira nola joaten ginen, itsasbela ikastaroak… Txerria hiltzen ere ikusi genuen Bernadettekin. Hurbiltasun haundia oroitzen dut, bai klase ezberdinekoen artean, bai irakasle eta ikasleen artean, bai gure inguruko lurrarekin. Segur aski denboraren distantziak ere idealizatu dit ikuspegia, baina gure ikastolan familia haundi batean bezala bizi zen garai hartan, gure maitasun eta gatazkatxoekin, baina familia batean bizi ginen.

Eskolan ere Hendaian hasi zinen, ikastolaren bitartez, ala beranduago izan zen?

Ikastolara Alkhat etortzen zitzaigun tarteka. Baina ikastola orduez kanpo aitak bertso eskola zeraman, eta ni naturalki, gustuko nuelako, edo lagunarte ona zelako, edo etxean bakarrik ez gelditzeagatik, bertso eskolan hasi nintzen ttipi-ttipitarik. Etxean ere oso hurbiletik bizi genuen bertsoa, beraz ez da ikastolan sartutako arra izan, baina ikastolako girora trasladatu zidan bertsoa bertso eskola haren presentziak. Eta nire lehen bertso eskola oroitzapenak ikastolako lagun pila bat ostiral arratsetan kantuaren jolasean elkartzen ginenekoak dira. Agian euskararen inguruko beste aktibitaterik ez zegoelako, edo ez dakit zergatik, baina uste dut Hendaiako ikastolan zebiltzan haurren erdiak pasa zirela noizbait aitaren bertso eskola hartatik.

 
  • abendua 16, 2012

Comments are closed.