Adimen Emozionala

2011-2012 ikasturtean proiektu berri bat jarri genuen abian: Adimen Emozionala.

Proiektuari tokia egitearren, lan-moldea behatu eta egokitu egin genuen. Gure ordutegian txertatzen saiatu gara, behin-behineko ekimena izan ez dadin, egunerokoan integratua izan dadin.

 

ZER DA ADIMEN EMOZIONALA?

Peter Solovey eta John D. Mayer psikologo estatubatuarrak izan ziren kontzeptua lehen aldikotz erabili zutenak, 1990an; eskolan edo arlo profesionalean arrakasta zeukaten pertsonen ezaugarri emozionalak deskribatzeko baliatu zuten. Ospea, berriz, Daniel Golemanek eman zion kontzeptuari, Emotional Intelligence liburu entzutetsuari esker

Adimen emozionala gure sentimenduak eta besterenak identifikatzeko trebezia da, motibatzeko eta harremanak bideratzeko gaitasuna”*

Adimen kozienteak baliabide mentalak erabiltzeko ahalmena adierazten du. Adimen emozionalak, berriz, automotibatzeko, emozioak bideratzeko, lagunak egiteko eta zentzuz bizitzeko ahalmena adierazten du.

Gizakiaren jokaera aztertzen dutenek betidanik dakiguna baieztatzen dute. Hain zuzen, pertsona izatea adimen intelektual handia edukitzea baino garrantziatsuagoa dela. Hezkuntza arloan egindako ikerketek diotenez, arrakastaren %20 adimen intelektuari zor zaio. % 80 adimen emozionalari esker lortzen da.

Adimen kozientea eta adimen emozionala ez dira kontrajarriak, ezberdinak baizik.

EMOZIONALKI TREBEAK DIREN PERTSONAK

Adituek diotenez, Adimen Emozionalaren baitan 5 oinarrizko gaitasun  daude.

  1. Norberaren emozioen ezagutza: Une oro esperimentatzen eta sentitzen denaz ohartzeko gaitasuna da. Eta sentipen horien ondorioz erakusten den jokaeraren gaineko ardura hartzeko ahalmena. (nire emozioak nireak dira eta neronek dut haiekiko ardura). Golemanek kontzientzia emozionala deitzen dio horri.
  2. Emozioen bideratzea: Beldurra, frustrazioa, amorrua, errua…bizitzako zailtasunei aurre egiteko moduak dira. Gure burmuinak edo gogoak haien bitartez laguntzen digu aurrera egiten. Emozionalki inteligenteak edo azkarrak diren pertsonek badakite sentimenduak onartzen, arlo seguruetan adierazten eta oreka berreskuratzeko moduan jokatzen. Emozioen erregulazioa Golemanen aburuz;
  3. Automotibazioa: Emozioak ordenatzeko gaitasuna, merezi duten helburuak lortzeko asmoz. Emozionalki inteligenteak diren pertsonak baikorrak eta borondate handikoak dira, ez dira zailtasunaren aurrean beldurtzen, pazientzia handikoak dira, badakite itxaroten eta lanean dihardute nahi dutena lortzen duten arte. Autonomia emozioanala.
  4. Enpatia:  Besteen esperientzia eta sentimenduak ulertzeko gaitasuna da; sentimendu horiekin bat egiteko eta lasaitzeko ahalmena. Enpatia edo giza abileziak;
  5. Trebetasun sozialak: Emozionalki azkarrak direnak adiskide berriak egiten eta mantentzen trebeak dira. Gatazketan ongi moldatzen dira eta ororentzat onargarriak diren konponbideak bilatzen dituzte. Manipulazioari eta txantaia emozionalari ez diete segidarik ematen. Muga osasuntsuak jartzen dituzte besteekin, hurkoa errespetatzen dute eta halaber, besteek errespeta ditzaten lortzen dute. Bizitzeko trebetasunak;

LAN EGITEKO MATERIALA

Adimen Emozionala, Gipuzkoa berrikutza lurraldea. Zikloka eta adinka argitaratutako materiala.  www.igipuzkoa.net

Ikasturtea 5 zatitan banatzen dugu, oporraldiak tarteko. Alegia, oporraldi bakoitzeko jarduera bat edo batzuk hautatzen ditugu denontzat, 3 urtetik hasi eta 11ra bitarteko haur guztiek ber gaitasuna eta ber jarduerak lantzearren.