Lekukotasunak

Zer orroitzapen atxikitzen dituzu Hendaiako ikastolan iragandako urteetarik?

Oroitzapen goxoak. Nik ez nuen ikastola berria ezagutu, ikastola zaharrean egin nuen lehen maila osoa. Aldapan zegoen futbol zelaian jokatutako partidak, eskola atzeko txabola modukoan pasatako orduak, lagunartea, eta irakasleekin oso hurbileko harremana genuela ditut gogoan. Momentuan ohartu ez arren, gerorako markatu nauten urteak dira.

Amets, Sustrai, Aretz,… nola moldatzen ziren haurtzaroako 3 ikaskide horiek?

Amets eta Aretz klasekideak ziren, eta ni urte bat zaharragoa. Gogoan dut, kanpoko garaietan, 5.urtekoak 4.urtekoen aurka egiten genuela futbolean, “handiak txikien aurka”. Begira orain nor diren handiak eta nor txikiak!

Zu Urruñatik etortzen zinen egunero, eta zu bezala beste jende ainitz?

Urruñatik batzuk Hendaiara joan ginen, eta beste batzuk Donibane Lohitzunera. Orain, zorionez, Urruñan bertan ikastola daukagu, eta ikastolan ikasi nahi duten urruñarrek ez dute herritik mugitu beharrik izanen.

Bertsolaritza eskolan ere Hendaian hasi zinen?

Bai, gogoan dut Ernest Alkhat etortzen zitzaigula klase denboran bertsolaritzaren oinarriak ematera. Baina horrez gain, izugarrizko zortea izan genuen, Jesus Arzallus-ek bertso-eskola ematen zuelako, eta primeran pasatzen genuelako bertan. Esango nuke, ia gehienak pasa ginela bertatik une batean edo bestean.

Beste zerbait adierazi nahi?

 Zorionak Hendaiako ikastolari, eta segi dezala, zahartu gabe, urteak betetzen.

Sustrai Kollina - Ikasle ohia

Zer orroitzapen atxikitzen duzu Hendaiako ikastolako urte horietatik ?

Oso oroitzapen ona, melankolia puntu bat ematen dit pentsatzen jartzean. Aire hartzeetako “txikiak haundien aurka” futbol partiduak, gela atzekaldeetan egiten genituen kabanak, zalditegira nola joaten ginen, itsasbela ikastaroak… Txerria hiltzen ere ikusi genuen Bernadettekin. Hurbiltasun haundia oroitzen dut, bai klase ezberdinekoen artean, bai irakasle eta ikasleen artean, bai gure inguruko lurrarekin. Segur aski denboraren distantziak ere idealizatu dit ikuspegia, baina gure ikastolan familia haundi batean bezala bizi zen garai hartan, gure maitasun eta gatazkatxoekin, baina familia batean bizi ginen.

Eskolan ere Hendaian hasi zinen, ikastolaren bitartez, ala beranduago izan zen?

Ikastolara Alkhat etortzen zitzaigun tarteka. Baina ikastola orduez kanpo aitak bertso eskola zeraman, eta ni naturalki, gustuko nuelako, edo lagunarte ona zelako, edo etxean bakarrik ez gelditzeagatik, bertso eskolan hasi nintzen ttipi-ttipitarik. Etxean ere oso hurbiletik bizi genuen bertsoa, beraz ez da ikastolan sartutako arra izan, baina ikastolako girora trasladatu zidan bertsoa bertso eskola haren presentziak. Eta nire lehen bertso eskola oroitzapenak ikastolako lagun pila bat ostiral arratsetan kantuaren jolasean elkartzen ginenekoak dira. Agian euskararen inguruko beste aktibitaterik ez zegoelako, edo ez dakit zergatik, baina uste dut Hendaiako ikastolan zebiltzan haurren erdiak pasa zirela noizbait aitaren bertso eskola hartatik.

Amets Arzalluz - Ikasle ohia

Ikastolak aipatzen hasi zirelarik, banakien nire lekua hor zela eta “Seaska” elkartera hurbildu nintzen. Atzo zela iruditzen zait. Urteak joan,  eta ikasturte berriak hasi eta urtero ilusio berdinarekin hartzen dut taldea .Ikasle berriak ezagutu, haien gurasoekin harreman ahal bezain goxoa lortu, taldearekin elkartasunezko giro bat sortuz. Denok batera, gure kulturari eta beste kulturei irekiz, oinarrizko konzeptuak barneratuz,  lan ezin aberatsa eta emankorra iruditzen zait eta beraz ez dut inongo aspertzeko denborarik. Nire eskola sartze guztiz lehen aldikoz balitz bezala sentitzen naiz , urduri eta kezkatua baina beti ber gogoarekin !  Nire lanean eman baino ainitz gehiago ukaiten dut , ikasten, gozatzen… Nire inguruan laguntza,partaidetza, elkartasuna aurkitzen ditut  izan dadin ikasle, guraso, laguntzaile, irakasle,kanpoko parte-hartzaileekin. Berriz hasi behar banu, ez nuke ezer aldatuko!

Gaurko Hendaiako ikastola hitz batean definitu behar bazenu?

“Enborra” erran nezake, ikastolak sendotasuna hartu duelako.

Hori erraitean, Laboaren kantua heldu zait gogora :

“Gu sortu ginen enbor beretik sortuko dira besteak

burruka hortan iraungo duten zuhaitz-ardaska gazteak.

Gertakizunen indar ta argiz gure ametsa arrazoi garbiz egiztatuko dutenak.”

Eta biharko ikastola nola ikusten duzu?

Irekia, integratzailea,lankidetzan,baina beti gure hizkuntzaren eta euskal kulturaren babesle eta zaintzaile amorratua.

Biharko ikastolak elkarlanean segitu behar du: ikasleak, gurasoak, langileak, irakasleak ikastolako partaidetzan. Denak ongi egotea aberasgarri da, elkarrekin lan eginez eta errespetatuz, bakoitzak bere heinean zerbait ekarriz ikastolari.

Biharko ikastola denen artean eraikiko dugun “Herri eskola”izanen da.

Yvette - Irakaslea

Zer oroitzapen atxikitzen duzu hastapeneko garaietatik?

Oroitzapen onak atxikitzen ditut. Tentsio eta momentu gogorrak izan dira baina ikasle, erakasle eta gurasoekin egindako hainbat eta hainbat gauza politak plazerrez eta positiboki gogoratzen naiz baita pertsona desberdin horiekin bizitako pasarteak.

Gaur egun, Hendaiako ikastolako zuzendari kargua ere  zure gain da. Hori nola eramaiten da?  Zer dira zure eginkizunak ?

Nere eguneroko bizitzan zati handi bat hartzen du beti baitago egiteko zerbait ikastolan eta ikastolatik kanpo. Asko dago egiteko ikusi nahi duenarentzat, arlo desberdinetan. Askotan gainditua ibiltzen naiz baina gustura egiten dut, nihaurk egitea eta besteekin egitea gustuko dudalako. Saiatzen naiz ikasle, erakasle eta gurasoak ahal bezain ongi bizi daitezen ikastolan egunerokoan eta epe motz, luzean.

Gaur egun ikasle kopurua haundia da ikastolan, haundiegia agian dagoen tokiarentzako ?

Ikastola berria egin zigunean herriko- etxeak, hautetsi askorentzat  handiagia zen baina beti handitzen egon gara urteetan zehar. Gaur egun ezin da gehiago handitu eta ikasle handienak beste egoitza batean, Pausun, daude. Beste ikastola bat behar dugu beraz eta agian beste ume asko sartuko dira ikastolan hau baita  euskara ikasteko modu hoberena.

Eta ikastolatik ateratzean, haurrak zenbatzen eta arazoak konpontzen saiatzen segitzen duzu edo?

Bai, segitzen dut eta segitu behar da. Gauza asko ikastolan berean bukatu edo egiteko gelditzen dira beraz etxean ere lan egiten dut, erakasle lanetik at. Herrian edo herritik kanpo badira ere bilerak, animazioak edo proiektuak lantzeko

Besterik adierazi nahi?

Oso pozik nago gaur ikastolako  ikasle, erakasle edo gurasoekin dagoen giroarekin. Iduritzen zait giro polita eta baikorra dagoela gauza txiki batzuk goiti beheiti!

Peio Urriza - Zuzendari

×